Zirkuitua

5,9 km eta lau gune izango ditu Kilometroetako zirkuituak: Ikastola, Zumarragako plaza-Lizeoa, Etxaburu eta Santa Barbara. Gehieneko desnibela 200 metrokoa izango da.

Ikastolan (Urretxuko Pagoeta auzoa) kokatuko da 1. gunea. Hau izango da Kilometroetako gune nagusia, bertan egingo baitira irekiera ekitaldia lehen orduan eta omenaldia eta lekuko ematea ondoren. Umeei eta haien gurasoei zuzendutako gunea izango da.

2. guneak Zumarragako eta Urretxuko bi leku hartuko ditu: Euskadi enparantza eta Lizeoa, Klara Larrañaga parkearen ondoko zubiaren bitartez batuko direnak. Halaber, azpigune bat izango du Zelai Arizti parkean. Euskal kultura eta aniztasuna ardatz hartuta, adin guztietako jendearentzako eskaintza egongo da gune zabal honetan.

Ikastolatik Zumarragako plazara arteko bidea Secundino Esnaola eta Legazpi kaleetatik barrena egingo da.

Lizeotik gora eginez Labeaga kaletik jarraituko du ibilbideak, eta Joxe Mari Lasa plazan, Nekolalde kaletik Santa Barbararako bidea hartuko du.

Aldapan gora hasi baino lehen, alabaina, bi topagune izango dituzte Kilometroak jaiaz gozatzera datozenek: batetik, Aldiri kiroldegian 1.000 lagunentzako bazkaria eskainiko da; bestetik, Nekolaldeko aparkalekuan artisau azoka egongo da.

3. gunea Etxaburun ezarriko da, eta gazteentzako kontzertuak egongo dira bertan.

Gora jarraituz, Santa Barbarara helduko gara, 4. gunera. Hemengo eskaintza ere gazteei zuzenduta egongo da bereziki. Pagoeta aldetik jaitsita Ikastolara helduko da berriz ibilbidea.