Gure hirugarren kilometroak

Urretxu-Zumarraga Ikastolak hirugarrengoz antolatuko du Kilometroak jaia. 1985ean Legazpiko Haztegi Ikastolarekin antolatu zuen eta 2002an bakarka.

1985. urteko Kilometroak urriaren 6an ospatu zen Kilometroak urtero? Euskara egunero! goiburupean. Ordura arte, Kilometroetan bildutako dirua lekuan lekuko ikastolen beharretara zuzendu bazen ere, 85ean Euskal Herri osoari onura ekarriko zion helburua hautatu zen: jatorriz erdaldunak ziren haurrek ikasketak euskaraz egin ahal izateko plangintza prestatzea.

Eguraldi zoragarria lagun, 50.000 lagun inguru etorri ziren Urretxu-Zumarragara. Ordura arteko jairik jendetsuena izan zen. Eguerdi parterako ez zegoen ez kamisetarik, ez txapelik salmenta-postuetan, eta tabernetan ere edari eta janari asko bukatu ziren.

2002ko Kilometroak jaia ere urriaren 6an ospatu zen, eta Elkarren Beharrean izan zuen leloa. Mezu horrek, gure Ikastolaren betiko ezaugarriari eutsiz, gauzak aurrera atera ahal izateko auzolanak duen garrantziaz ohartarazi nahi izan gintuen. Bai Urretxu-Zumarraga Ikastolak berak, baita euskalgintzak ere guztion parte hartzea beharrezko zela aldarrikatu zuten. Halaber, Euskal Eskola eraikitzeko, gure herrietako eskola-eredu guztien arteko elkarlanaren beharra azpimarratu zen.

XXI. mendean sartuta geundela, gure Ikastolak teknologia berrien munduan murgildu beharra zuen, eta horretarako bideratu zen KMK jaian lortutako dirua: eraikuntzak zaharberritu eta teknologia berrietan inbertsioak egiteko.

Jai borobila izan zen 2002ko urriaren 6koa ere. Goiza lainotuta esnatu bazen ere, eguzkitsu joan zen eguna eta milaka euskaltzale (125.000 inguru) batzea lortu zen.

Bitxikeria moduan aipatu, eurotan egin zen lehen Kilometroak jaia izan zela.