Mendiaraz-Pozueta familiarentzat Gure Zozketako 60.000 euroak

Urretxu-Zumarraga Ikastolako kide den Mendiaraz-Pozueta sendiak irabazi ditu Gure Zozketako 60.000 euroak. Notario aurrean zozketa egin eta denbora gutxira jakin genuen sariduna nor zen. Erronkako ikurrina bezala, etxean geratu da Kilometroak 2018ko sari potoloa.

Aitor, Miren, Lide eta Jon pozak zoratzen daude, eta aitortu digute ez dutela pentsatu ere egin dirua zertarako erabiliko duten: “Kapritxoren bat edo beste, bidaiaren bat akaso”. Izan ere, bat-batean eta ustekabean 60.000 euroko saria egokitu zaiela sinisteko egun batzuk beharko dituzte oraindik.

Saria 01.051 zenbakiari egokitu zaiola zabaldu orduko ohartu zen Miren Pozueta txartela etxean egon zitekeela. Izan ere, gutxi batzuk baino ez zituen saldu eta gainerakoak beretzat gorde zituen.

Ikastolako beste kide askok bezala, astelehena jai eguna hartua zuen. Txosna Batzordean aritu da urte osoan, eta azken astean eta Kilometroak egunean lan handia izan dute. Hain justu, batzordeko zenbait kiderekin biharamunerako utzitako eginbeharretan harrapatu zuen albisteak.

Gurasoengandik datorkio Mireni Ikastolarekiko konpromisoa. Aita, Paco Pozueta, Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen; artean guraso izan gabe, herritarren sostengu taldeko kide izan zen. Segidan, ikastolako guraso izanik, Gida Batzordeko eta Artezkaritza Kontseiluko kide izan zen urte batzuetan. Bestalde, gure Ikastolak 1985ean Pasiotarrei komentua erosi eta eraikinaren obrak egin ostean eskatu beharra izan zuen mailegua eskuratzeko gestio politiko ugari egin zituen.

Ama, Mari Karmen Mendia, Ikastolaren zenbait batzordetako partaide izan ostean, 1970. hamarkadaren bigarren erdialdean Gida Batzordeko kide izan zen. Ordura arte gizonez soilik osatzen zen ordezkaritza-organo horretan lehen emakumea izan zen, eta, horrela, Ikastolako ama ziren beste kide batzuei (Pety Gonzalez...) atea ireki zien. Bestalde, euskarako klaseak ematen aritu zen beste zenbait gurasori.

Aitor senarra ere Ikastolan ibilitakoa da; sorreran hasi ziren ikasle taldean zegoen, nahiz eta urte batzuk geroago, beste ikasle batzuk bezala, alde egin behar izan zuen. La Sallen amaitu zituen ikasketak. Igandean lanean aritu zen, eta 2002ko Kilometroetan ere bai. Unibertsitateko ikasketak burutzen ari den Lide alabak eta Batxilergoko 2. mailan dagoen Jon semeak ere euren aletxoa utzi zuten igandeko jaian.

Bejondeizuela, familia, eta zorionak!