Kilometroak egunerako atzera kontaketa hasi da

Uztailaren hondarretan gaude eta Kilometroak 2018 jaia begi bistan dugu jada; bi hilabete eta egun gutxi batzuk baino ez dira falta urriaren 7a iristeko. Halako jai batek antolakuntza handia eskatzen du, eta batzorde guztiak buru-belarri ari dira lanean, abuztuan oporrak hartu aurretik, ahalik eta gauza gehien lotuta uzteko.

Erronka batzordekoak probak prestatzen aritu ziren joan den larunbatean Etxaburuko zelaian. Lehiaketaren egitura nagusia zehaztuta dute, baina xehetasunak lotu behar dira.

Txosna batzordean lanez gainezka dabiltza: janariak, edariak, tresneria… Hornitzaileekin hitz egin, kopuruak zehaztu, eskaerak eginGastronomia lehiaketa ere antolatuko dute Kilometroak egunean, Urretxuko jaietakoaren parekoa, eta bertako lan-taldea dute laguntzaile horretarako. Lanpetuta dabiltza baita ere Muntaia taldekoak, gune bakoitzeko azpiegiturak antolatzen: oholtzak, hesiak, tarimak, toldoak, tabernen egiturak...

Komunikazio batzordea iraileko aldizkaria prestatzen ari da, baita irailean izango ditugun ekitaldien eta urriaren 7ko komunikazio plana ere. Halaber, euren egitekoa da, Ikuskizun taldekoekin batera, Kilometroak eguneko egitaraua osatu eta lan egitura zehaztea.

Protokolo batzordearen ardura da Kilometroak 2018 jaiaren irekiera eta omenaldi ekitaldiak antolatzea, baita egun horretan etorriko diren agintariei egingo zaien harrera definitzea ere. Bereziki zaindu behar dira, nola ez, urriaren 7an Urretxu eta Zumarragara datozen herritarrei eskaini beharreko osasun arreta eta garbitasun, jasangarritasun, prebentzio, segurtasun eta trafiko planak.

Urte osoan geratu gabe irteerak antolatzen aritu diren Arropa eta Gure Zozketa taldeko kideak urriaren 7ko lan egitura zehazten ari dira, eta Tonbolakoak, berriz, opariak lortzen.

Diru kontuak Ekonomia batzordearen ardurapean daude, eta boluntarioen kudeaketa, berriz, Giza Baliabideetakoek egingo dute.

Erronka handia dugu esku artean, eta guztion parte hartzea behar dugu eguna borobila izateko. Eman izena kmk18gizabaliabideak@uzikastola.eus helbidean.