Martxan da Klikmetroak! Egin klik!

Urriaren 7an egingo dugun zirkuitua aurkeztu berri dugu, eta zirkuitu birtuala ere prest  dago sarean: martxan da Klikmetroak ekimena! Helburua zirkuitu birtualari ahalik eta bira gehien ematea da. Herritarrek metroak eskuratu ahal izango dituzte sarean, eta enpresa, merkatari eta elkarteek metro horiek diruz babestuko dituzte. Egindako ekarpen ekonomikoa aurtengo Kilometroen alde izango da.

Beraz, zirkuitu birtualean metro bat egitea doan da eta, prozesua, oso sinplea: klikmetroak.kilometroak.eus webgunean sartu, bertan azaltzen den egin zure metroa botoiaren gainean klik egin eta adierazten diren pausuak jarraitu. Bisitariek metroak eskuratu eta hortik aurrera webgunean azalduko dira metro horren jabearen izen-abizenak, argazkia eta bertan utzitako mezua.

Zortzigarren edizioa

Klikmetroak 2011 urtean jaio zen, Azpeitiko Ikasberri Ikastolak antolatutako Kilometroetan. Gipuzkoa mailan, Internet bidezko ekimen garrantzitsua da, euskaraz egiten den esanguratsuenetarikoa. Hain zuzen ere, bere sortze urtean, publizitate arloko Argia saria jaso zuen, Ikasberrik egindako lana aitortuz eta proiektuaren izaera berritzailea azpimarratuz. Urtez urte, Kilometroak jaia antolatu duen Ikastolak segida eman dio ekimenari eta, aurten, Urretxu-Zumarraga Ikastolari dagokio ardura.

Bisitari bakoitzak metro bat egin ahal izango du, eta horrela, zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta buelta gehiago emango zaizkio zirkuitu birtualari. Hortaz, gurekin zubiak batu eta egin klik!