Xaboi tailerra, Ekolioren eskutik

Urretxu-Zumarraga Ikastolak eta Ekolio enpresak elkarlanean jarraitzen dute, gure etxeetako sukaldeetan erabilitako olioaren berrerabilpena sustatuz. Oraingoan, xaboi tailerra antolatu dute DBH1eko ikasleentzat, hondakinak biltzeak helburu bat duela ikasteko aukera emanez.

Urtarrilean sinatutako akordioaren bidez, Ekoliok eta Kilometroetako Jasangarritasun Batzordeak edukiontziak jarri zituzten Ikastolan eta baita herriko zenbait elkarte gastronomiko, taberna eta jatetxetan. Bertan bildutako olioa berrerabili daitekeela erakustea da ekimenaren helburua.

Batetik, autoentzako biodiesel erregaia lortu daiteke. Ekolio enpresak saldu egiten du olio hori, eta lortutako diruaren %10a Kilometroak jaiaren antolatzaileari ematen dio. Bestetik, xaboia egin daiteke, garai batean baserri eta landa guneetako etxe askotako emakumeek egin ohi zuten modura.

Prozesu horren nondik norakoak Ekolio enpresako kideen eskutik ezagutu ahal izan dituzte DBH1eko 80 ikasleek, hiru taldetan banatuta. Erabilitako olioa, ura eta soda kaustikoa nahastuz lortzen da xaboia. Halaber, usain gozoa lortzeko, belar usaintsuak erabili daitezke.

Olio tantaz tanta, Zubiak batuz ekimenari esker, Kilometroen egunean Urretxu-Zumarragara datozen bisitariek ere aukera izango dute erabilitako olioarekin xaboia egiten ikasteko.