Ikastolak, Mendimetroak ospatzeko prest!

Iaz Oñatiko Txantxiku Ikastolak abian jarritako Mendimetroak ekimenaren 2. edizioa ospatuko dute aurten Gipuzkoako Ikastolek. Lehiakortasuna alde batera utzi eta haur eta gazteen artean mendizaletasuna bultzatzea du helburu. Bide batez, mendiak komunitatea sendotzeko duen indarra azpimarratu nahi da. Maiatzaren 20a da aurten aukeratutako eguna, Urretxu-Zumarraga Ikastolak, agenda arazoak tarteko, hilaren 26ra arte atzeratu behar izan duen arren.

Iaz bezala, Ikastola bakoitzak irteeraren taldeko argazkia egingo du, eta irudi guztiekin egindako muntaia Kilometroak 2018ko webgunean jarriko da ekainaren hasieran.

Ekimenaren jatorria

2016. urtean, Gipuzkoako Mendi Federazioak haur eta gazteen mendizaletasunaren inguruan ikerketa egitea proposatu zion Luix Mari Zulaika EHUko Gorputz Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasleari. Urte bat geroago, emaitzak jaso zituen Haurren artean mendizaletasuna sustatzeko egitasmoa izeneko liburuan.

Liburu horietan jasotako proposamenei tiraka, Kilometroak 2017ren egitarauaren barruan Mendimetroak ekimena sortzea otu zitzaien Txantxiku Ikastolako kideei. Ikastola bakoitzaren eskuetan utzi zuen irteera nora egin: erreka, baso, mendi edo zelaien batera. Izan ere, mendia Euskal Herriaren historia, izaera eta nortasunarekin guztiz lotuta egon da beti. Eta ezinbestekoa da ondorengo belaunaldiei maitasun hori transmititzea, ikasi dezatela eurek ere ditugun parajeez gozatzen.

Belokira igoera, maiatzaren 26an

Urretxu-Zumarraga Ikastolako kideontzat Zubiak Batuz Triatloiko bigarren proba izango da Mendimetroak. Otsailean ospatutako belaunaldien arteko lasterketari segida emango diote. Hemen ere, lasterketan bezala, kirola eta aisia uztartuta, lagun edo familia giroan arratsalde ederra pasatzeko aukera izango dugu: Zumarragako plazatik abiatuko da ibilaldia 16:00etan, Belokira igo eta, beherakoan, erromeria egingo da Antion. Bertan, indarberritzeko aukera izango dugu Kilometroetako txoznan. Ondoren, 19:30ean herrira jaitsiko gara Eitzatik, trikitilarien atzetik, kalejiran. Bi argazki egingo ditugu: Belokin 17:30ean eta Antion 18:30ean.

Zubiak Batuz Triatloiko hirugarren proba, Ziklometroak, irailean egingo da. Hiru probetatik gutxienez bi egiten dituenak saria izango du. Hori egiaztatzeko txartelak banatuko dituzte antolatzaileek, eta Belokin egongo dira zigilua jartzen.

Apuntatu ongi data egutegian, eta ez hutsik egin! Kantak dioen bezala: zu, ni, ni zu, biak; batuz egingo gara handi!