Lilatoian ere, zubiak batuz

Zubiak batuz leloa zeramaten kamiseta moreak soinean jantzita, Urretxu-Zumarraga Ikastolako 107 emakumek hartu dute parte gaur Lilatoiaren 29. edizioan. Elkarrekin korrika egiteko ahaleginak saria izan du gainera: hirugarren talde jendetsuenaren saria eman diete antolatzaileek.

Joan den larunbateko Kilometroenen aldeko belaunaldien arteko lasterketak Lilatoirako prestatzeko balio izan zien ikastolako kide askori. Urretxu eta Zumarragako kaleetan bezala, Donostian ere korrika egiteko giro bikaina izan dute. Izan ere, Martxoaren 8aren inguruan emakumeak kirola kalean egitera animatzeko sortutako lasterketa berezia izaten da: urtez urte parte hartzaile kopurua gorantz doa eta jai giro polita sortzen da Donostiako kaleetan. Emozioz jositako eguna izaten da, hunkigarria benetan”, nabarmendu digu gure ikastolako taldearen sustatzaileetako bat den Maitane Ormazabalek.

Urretxu-Zumarraga Ikastolak hirugarren urtez hartu du parte Lilatoian. Taldea sortzeko ideia, lehendik lasterketara joaten ziren ikastolako hiru kideren eskutik sortu zela kontatu digu Ormazabalek, “pentsatu genuen polita izango zela ikastolako emakumeak elkarrekin jai giroan lasterketan parte hartzea”. Eta deialdiak ustekabeko erantzuna izan zuen: 50 lagun inguru elkartu ziren.

Iaz, Ikastolaren 50. urtemugaren harira, erronka jarri zioten euren buruari: “Baietz 50 baino gehiago lortu”. Eta kopurua bikoiztea lortu zuten. 120 korrikalari joan ziren, irakasle, ikasle, ikasle ohi eta gurasoak batuta. Talde jendetsuenaren saria eman zieten antolatzaileek.

Aurten 107 emakumek eman dute izena, eta hirugarren saria jaso dute. Lehenengo eta bigarren sariak Legazpiko Haztegi Ikastolarentzat eta Ordiziako Jakintza Ikastolarentzat izan dira. Biek ala biek 50 urte betetzen dituzte aurten, eta iaz gure ikastolak bezala, talde sendoa biltzea lortu dute. Zorionak biei!