Urretxu-Zumarraga Ikastolan zubiak batzen ditugu

Garrantzitsuak dira zubiak Urretxun eta Zumarragan: elkarrengana hurbiltzen gaituzte, bidean elkartzen gaituzte, batu egiten gaituzte. Hala ari gara Kilometroak antolatzen, elkarrekin, indarrak biderkatuz eta Ikastola bera ere zubi.  

Zubi berezia da Ikastola gure herriotan: gure haurrak haurtzarotik helduarora daramatzan zubia. Eta duela 50 urte herritik eta herriarentzat eraikitako zubiak, sendo ditu bere oinarriak egun ere. Elkarlana eta konfiantza dira gure heziketaren oinarri, euskara eta euskal kulturarekin batera. Gure ondarea kontuan hartuz, baina garai berrietara irekirik. Ezagutu nahi gaituzu?

Ikasleek, txiki zein handi, adimen desberdinak garatzeko espazio zabala dute Ikastolan. Jolastu, esperimentatu, partekatu, gozatu… Ikusiz ikasi eta ikasiz ikusi. Elkarren artean egiten dugu Ikastola, eta elkarrekin eraikiko dugu etorkizuna. Gurekin zubiak eraikitzera gonbidatzen zaitugu. Bazatoz?