Zubiak batuz, hasi korrika egiteko prestatzen

Kilometroen alde belaunaldi arteko lasterketa antolatu du Urretxu-Zumarraga Ikastolak otsailaren 24rako. Leloari tiraka -Zubiak batuz-, belaunaldi arteko zubiak giro osasuntsuan landu nahi dira eta, horretarako, adin guztiak hartuko dituen lasterketa jokatuko da. Bikoteka hartu beharko da parte. Bi kideen artean, gutxienez, 20 urteko tartea egon beharko da.

Lau kategoria desberdin izango dira. Lehena, Haur Hezkuntzara bideratua dago, eta 500 metroko distantzia izango du. Bigarren kategoriak Lehen Hezkuntzako 1. maila eta 4. maila arteko ikasleak hartuko ditu, kilometro bateko ibilbidea egiteko prest.

Hirugarren kategoria LH5 eta DBH2 artekoa izango da. Maila honetako lasterkariek 2,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Azkenik, laugarren kategoria DBH3tik Batxi2 arteko ikasleei zuzenduta egongo da eta 5 kilometro egin beharko dituzte.

Aurrez esan bezala, korrika egiteko bikoteak osatzea da asmoa, hau da, ikasleak berak baino gutxienez 20 urte gehiago dituen norbaitekin korrika egitea. Izan ere, kirola eginez eta jai giroan, elkarrekin ondo pasatzea da ekimenaren helburua; nahi duten guztiei parte hartzeko eta gozatzeko aukera ematea.

Beraz, hasi bikote bila eta laster emango dizuegu lasterketaren inguruko xehetasun gehiago.